Ohiturak

Gaueko 5ak dira eta bapatean bezala, umez betetzen hasi da tokia (venue-a). Meriendatzeko ordua delako akaso; kafetegia denez alkohol eta tabakoz libre dagoen gunea izateagatik apika, sekula ez nuen horrenbeste ume kafea hartzen den leku horietako batean ikusi.
ni sofa batean eserita nago, nire irakurketak egiten beste behin ere. Umeei pastel zatiak, txokolate beroak, edo zukuak erosten dizkiete. Kamareroak jostailuz beteriko kutxa hurbildu du urte bete izango duen haurtxoaren aulkira. "Heldutxoagoek" liburu, puzzle edo komikiak dituzte (eta helduagoak, serioagoak dirudite..).

Kalean izozten dabil, ezin parkean jolasten eman arratsaldeak... eta bada leihoari begira eguzkia marrazten duen ume bat. Beste batek, korrika egiten du mahai ezberdinetan eserita garenoi kandelatxo bat erakutsiaz. Kandelatxoa eskuan, eskua gora, aurrera eta badoa, hegan dihoala sentituta... "Hegazkin bat da!..." hurbildu egin da "EZ!... globo bat!"
"Hortxe (eta hotzak.. bete duen leihoa seinalatzen du atzamarraz) ipar Poloa dago, hartz zuriekin. Eta hor baso bat, eta hor elefanteak". Lurrera bota da orduan, eta nire kafesne katilua dagoen mahaiaren azpian sartu "eta kobazulo hau, nire etxetxoa da!"


Handitze arren heldutzen ote garen oso klaru ez dut.
Izan ere, oraindik nire mundutsoak sortzen ditudan horietakoa naiz ni, lau hormen artean nire txokoa eraikitzen...

 

0 komentario: